XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

21. jarduera (jarraipena)

Lurra jopuek lantzen zuten, teknika oso atzeratuekin.

Hauen eskubideak eta betebeharrak aldatzen joan baziren ere, beti bere jauntxoen menpe izango ziren, lurrari atxikiak baitzeuden, lurrarekin batera saldu eta erostera iritsi arte.

Jauntxoentzat lan egiten zuten uztaren zati txiki baten eta babesaren truke. Ez da ahaztu behar Erdi Aroa gerrate eta gatazka ugariko garaia izan zela.

Lanabes atzeratuak zituzten, eskuz egiten zuten lanik gehiena. Ongarriak gutxi erabiltzen zituzten eta animalien simaurra baratzetan bakarrik erabiltzen zuten.

Lurraren etekina, jendetza eta janarien arteko lotura larria zen.

Edozein aldaketak (lehorteak...) desorekak sortzen zituen iraupen-krisi larriak eraginez. Gizarte honetan, jaiotza-tasa handia bazen ere, gaixotasun ugariren eta elikagai eskasiaren eraginez, heriotza-tasa oso altua zen eta ondorioz, hazkunde-tasa oso eskasa.

Gizarte honetan lan-banaketa oso zehaztua zegoen: lurra nekazariek bakarrik lantzen zuten, gero gizartearen egitura aztertzean ikusiko duzun bezala.

Jaunen boterea V. mendetik aurrera indartu zen, barbaroen (herri germaniarrak) inbasioek nekazarien babeserako beharra eragin zutenean. Estatuak ez zion babesik ematen jendeari eta lurjabe handiengandik lortzen saiatzen ziren.

Lurjabe txikiek beraien lurra eta askatasuna jaunaren eskuetan uzten zituzten, eta jaunaren etxe ondora joaten ziren bizitzera, jaunak bere etxea harresiz inguratzen baitzuen.

Hurrengo mendeetan joera hau zabaldu egin zen, eta horrela, jaurerriak (jaun baten agintepeko lurraldeak) azaldu ziren. Hauen buru nobleak edo elizgizonak zeuden.

Jaurerrietako bizibiderako behar zena (elikagaiak, jantziak, tresnak...) bertan sortzen zuten, maila honetan buruaskiak izanik.